24/07/2024
Ate bat itxi, beste bat zabaltzeko 💚
Duela hamarkada bat sortu zen Ereindajan Debagoienean, hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak garatzeko asmoarekin. Arrasaten denda-topagunea ireki, ostean Bergaran, eta azken urteetan herri zein eskualde mailako proiektu ugari bultzatzen ari gara elikadura burujabetza eta agroekologiaren norabidean. Nork esango luke honaino iritsiko ginenik?
Azken urteetan gure ohiko lan jardunaz gain, tokiko elikadura politikak bultzatzea garrantzitsua izan da guretzat. Elikadura ez da eta norbere erabaki kontua bakarrik, herritarrei bermatu beharreko eskubidea ere bada. Eta zentzu horretan, elkarlan publiko-komunitarioa oinarri, beste hainbat erakunderekin batera lan egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Bergarako Elikadura mahaia sortu eta Elikaenea egitasmoa garatzea izan da bide horren fruituetako bat.
Orain arteko helburuei eutsiz eta ildo berriak martxan jarriz, Bergarako Oxirondo azokan egongo gara hemendik aurrera Elikaenea egitasmoaren baitan: azoka biziberritzeko helburuarekin, bertako produktua oinarri izango duen sukaldea, denda eta askotariko zerbitzuak eskainiko dituen espazioan.
Fase berria hastearekin batera, orain artean gure bihotza izan den Bergarako Joan XXIII plazako denda itxiko ditugu uztailaren 30ean. 6 urte hauetan egindako bideari agur esan eta bertan aritu garen/zareten guztioi eskerrak emateko itxiera ekitaldi bat egingo dugu. Ekoizle, kontsumitzaile zein herritar oro gonbidatuta zaudete, uztailak 30 18:30ean.
Eskerrik asko bidelagun guztioi ❤️🔥
Irailean, Elikaenean ikusiko dugu elkar!